Unescok biosfera erreserba izendatu du Irati, munduko osoko beste hamar tokirekin batera. Beste hamar erreserbak Katalunia, Kolonbia, Eslovenia, Filipinak, Italia, Mongolia, Herbehereak, Korea eta Dominikar Errepublikan daude.
Izendapen berri horiekin, Biosfera Erreserben Munduko Sareak 759 erreserba ditu orain, eta 37.400 km²-ko azalera hartzen du, 136 herrialdetan banatuta. Biosfera Erreserba Unescok izendatutako eremu bat da, dibertsitate biologikoaren eta kulturalaren babesa eta aurrerapen ekonomiko eta soziala orekatzeko eta pertsonen eta ingurune naturalaren arteko bizikidetza harmoniatsua sustatzeko. Erreserba horiek ekologikoki esanguratsuak diren edo balio bikaina duten eskualdeetan eratzen dira, lehorreko, kostaldeko edo itsasoko eremuetan, non giza jarduera eta kontserbazioa bateratzea guztiz erabakigarria den.
Irati Biosfera Erreserbak, Nafarroako Pirinioetan kokatua, 537 km²-ko azalera du. Unescok “biodibertsitatearen paradisutzat” jotzen du. Erakundearen arabera, “bertako baso zabalak pagoz eta izeiz osatuta daude batez ere, eta Europako bigarren pagadi handiena da”. “Nabarmentzekoak dira ere haren edertasun naturala eta garrantzi ekologikoa”, gaineratu du.
Erreserbak Zaraitzu eta Aezkoa ibarrak biltzen ditu, Nafarroako ipar-ekialdean. Unescok azpimarratu nahi izan du tokiko komunitateak “funtsezko eginkizuna” izan duela hautagaitzan, eta kudeaketa-plana, bertako 2.435 biztanleek bultzatua, “kontserbazio-ahaleginen lekuko” izan dela.
Nazioarteko komunitateari eremu babestuen kopurua handitzeko eskatzen zaion garai honetan, “biosfera erreserba berri horiek funtsezko eginkizuna betetzen dute biodibertsitatearen kontserbazio iraunkorrean eta tokiko populazioen bizi-baldintzen hobekuntzan”, adierazi du.
Zaraitzuko Batzorde Nagusiak, Ibarreko hiribilduetako pertsonak elkarrekin erlazionatzeko KULTURA- eta KIROL-JARDUERAK sustatzeko asmoz, Zaraitzu Ibarreko lurralde-eremuan garatzen diren eta azaldutako helburua betetzen duten kultura- edo kirol-jarduerak diruz lagunduko ditu.
Aezkoa eta Zaraitzu ibarretako Batzorde Nagusiek elkarrekin kudeatzen dugu Iratiko oihana. Jakitun garenez udazkenean, eta bereziki egun jakin batzuetan, gune horretara jende asko etortzen dela, elkarlanean ari gara, bisitaldiak antolatzeko neurriak martxan jartzeko.
Aurten ere, lurraldeko hainbat eragilerekin adostutako funtzionamendu protokolo bat ezarri da, Irati bisitatzen dutenak modu ordenatuan sar daitezen eta bisita modu egokian egin ahal izan dezaten, inguruneari kalterik eragin gabe eta bisitariarentzako koordinazio- eta segurtasun- irudia emanez.
Protokolo hori, aurreko urteetan bezala, lankidetzarekin prestatu da, Aezkoa eta Zaraitzuko batzordeen eta haien zaintza-taldeen, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiaren, Otsagabiako Turismo Bulegoa, Nafarroako Foruzaingoaren eta elkarte turistikoen (Iratialdea eta Irati Orrega)artean.
Protokoloa, urriko zubian (urriaren 12an, 13ean eta 14an), urriaren 21an eta 28an, larunbatetan, eta azarozren 4ean, honako puntu hauetan jarriko da martxan:
Otsagabiatik Iratiko Etxeetarako tartean (NA-2012 errepidea)
Sarbide bakoitzean barnealdeko aparkalekuen edukieraren arabera sar daitekeen ibilgailu kopurua zenbatuko da. Aparkaleku horien edukiera osoa betetzen denean, sarbidea moztuko da beharrezko denboran, eta aparkatzeko lekua egiten den heinean irekiko da berriro. Kontrolatze eta ixte lana Foruzaingoaren, Zaindarien eta turismo-informazioko hainbat zerbitzuren artean koordinatuta egonen da.
Gogoan izan 18:00etatik aurrera itxiko direla sarbideak, Iratira sartu nahi duten ibilgailuak eta irteerako ibilgailuen trafiko arina gurutzatu ez daitezen.
Sarbideen egoerari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, deitu:
Otsagabiako Turismo Bulegoa: Tel.: 948 890 641
Aribeko Turismo Bulegoa: Tel.: 948 764 376
Orreagako Turismo Bulegoa: Tel.: 948 760 301
Aezkoa eta Zaraitzuko ibarretatik azpimarratu nahi dugu Iratiko oihanaren inguruan bisitariek badituztela naturgune ugari, oso leku aproposak, basoetako ikuspegi panoramikoez eta ibilaldiez gozatzeko, udazkeneko koloreak ikusteko eta gure herrietako txokoak ezagutzeko.
Horien artean, besteak beste, honako hauek nabarmendu nahi ditugu:
Iratira Pikatuan barna sartzea, Irati- Abodiko Mendi Gunea: NA2011 errepideko 7 Km-n dago, eta Iratiko Etxeetako aparkalekuaren ordezko ezin hobea da. Aparkaleku handi bat, jatetxea eta azkaltokiak daude bertan. Basoan barna ibiltzea dago, Zerrillar-eko Ibilbidea SL64 A edo GRT-10, besteak beste. Azken ibilbide horri jarraituta Abodi mendira joan daiteke (bertan Iratiko pagadiaren gaineko ikuspegi ederrak daude) edo Ori mendira (Pirinioetako 2.000 m-tik goitiko lehen mendia).
Iratira sartzea Orbaizetatik Azpegiko lepora joaten den bidean barna: toki ibilbideak egin daitezke, Mendilatz SLNA 58B, Ursario SLNA57B, besteak beste; Urkulu mendira igo edo Azpegiko Megalitoen Multzoa ikusi ere.
Zaraitzuko herrietako toki ibilbideak. Bide zaharrak dira, eta herrien ondoko baseliza, borda edo basoetara eramaten gaituzte. Jasuleko Ur- jauziko Ibilbidea (Ezkarozen), Orkatuako Ur-jauzia (Orontzen), Gartxoten ibilbidea (Itzaltzun), Irati eta Muskildako Bide zaharra (Otsagabian), besteak beste.
Aezkoa bailarako ibilbideak, hainbat herritan: Abaurregaina (San Migel), Abaurrepea (Asketaldea), Hiriberri, etab. Nola ez www.iratiaritza.com sarekoak. (Aribe, Garaioa, Garralda, Olaldea, etab.
Gainera, berriki, oinez nahiz bizikletaz egin daitezkeen ibilbideak eskaintzen dituen App a berritu da. Aplikazioa SASC IRATI osatzen duten mugaz bi aldeetako lau lurraldeetako lankidetza proiektuaren ondorioa da: Aezkoa, Zaraitzu, Garazi eta Zuberoa. Informazio gehiago, www.irati.org.
Partikularrentzat eta negozio txikientzat da zerbitzua, elkarteak toki-entitateei eskaintzen dien energia-zerbitzuaren osagarri.
Bulegoa “Landa-iraunkortasuna 2: klima-erronkari aurre eginez” lankidetza-proiektuaren barruan dago. Nafarroako Gobernuak eta EBk finantzatzen dute proiektu hori, Landa Garapeneko Programaren bidez (2014/2020).
Argiaren eta gasaren kontratuei buruz informatzea, kontsumo-ereduei buruzko diagnostiko pertsonalizatuak egitea eta dirua eta energia aurrezteko neurriak proposatzea. Horiexek dira Cederna Garalur elkarteko energia-aholkularitzako bulego berriaren helburuak, bereziki Nafarroako Mendialdeko partikularrentzat eta enpresa txikientzat.
Gainera, elkarteak dibulgazio-hitzaldiak antolatzeko asmoa du, autokontsumo partekatuko instalazioei edo energia-komunitateen ezaugarriei buruzkoa, independentzia energetikoa sustatzea helburu.
Interesa dutenek 697655664 telefonora deitu edo infoenergia@cederna.es helbidera idatz dezakete.
Bulego berri hau elkarteak batez ere udalei eta kontzejuei eskaintzen dizkien energia-aholkularitzako zerbitzuen osagarri da. Orain, Klimaren aldeko Alkateen Itunera atxikitako toki-entitateek etekina aterako diote Cederna Garalurren akonpainamenduari, itunetan jasotako ekintza-planen jarraipena, lehentasuna eta egutegia ezartzeari begira.
Ekintza horiek “Landa-iraunkortasuna 2: klima-erronkari aurre eginez” lankidetza-proiektuaren barruan sartzen dira. Proiektu horretan, Cederna Garalurrez gain, Estellerriko TEDER partzuergoak, Nafarroako Erriberako EDER partzuergoak eta Erdialdeko Partzuergoak ere parte hartzen dute.
“Landa-iraunkortasuna 2: klima-erronkari aurre eginez” lankidetza-proiektua Nafarroako Gobernuak eta Europar Batasuneko FEADER funtsek finantzatzen dute, Landa Garapeneko Programaren barruan (2014-2020).
Eska-Zaraitzu Mankomunitateak “Resta y gana” kanpainan parte hartzen du. Kanpaina horretan 183 herri lehiatzen dira “errefus” gutxien biltzen dutenak 2 hilabeteren buruan izateagatik.
“Errefusa txapelketa” maiatzaren 2tik ekainaren 2ra bitartean garatzen ari da, eta edukiontziak hobeto erabiltzea du helburu, hondakin gehiago edukiontzi urdin, hori eta marroietan eta gutxiago edukiontzi berdeetan uzteko.
Hondakin gutxien biltzen duen ibilbideak, bizilagunen kopuruaren arabera, saria jasoko du. 2.500 euroko baxera berrerabilgarria, ibilbideko herriek erabakitzen duten ekitaldi baterako edo gehiagotarako.
Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Hondakinen Partzuergoak sustatu dute kanpaina, eta Nafarroako 183 herrik parte hartu dute.
Hiru urte eta pandemia baten ondoren, Korrikak berriro Zaraitzu zeharkatu zuen apirilaren 4an. Martxoan, Korrika Kulturala ospatu zen Ibarreko Batzarraren laguntzarekin. Hilabetean zehar, musika, tailerrak, Uhinak dokumentalaren proiekzioa, bizikleta-martxa, aperitiboak eta afariak egin ziren Korrikaren giroan sartzeko.
Euskararen aldeko lasterketa igande goizean iritsi zen, aurreko egunetan elurrez estalitako zelaien artean. Erronkariko ibarretik Latzako mendatetik heldu eta Itzaltzu, Otsagabia, Ezkaroze eta Eartua zeharkatu zituen, Abaurrerantz jarraitzeko. Adin guztietako herritar ugarik egin zuten bat lasterketarekin. Aurten, HITZEKIN» da hautatutako leloa, AEKren esanetan, «euskara HITZetik EKINtzetara eramateko unea delako».